
Javier Hilera ðArdandegi jatetxeko nagusia
«Oso garai gogorra izan zen kalea berritu zutenekoa»
Erdialdea
Errege-Erregina Katolikoen kaleko Ardandegi jatetxeak 25 urte bete ditu eta horren harira, Ostalaritza Elkartearen ekimenez, ekitalditxoa egin dute.
raul perez
Javier Hilera lanez gainezka zebilen atzo. Urduri. «Bi autobus datozkit bazkaltzera», zioen bere jatetxea, Ardandegi, ireki berritan. Jatetxeak zilarrezko ezteiak bete dituen honetan, pozik dago Hilera eta baikor da aurrera begira. Hitzetik hortzera dabilen krisiaren zantzurik ez du ikusi orain arte. Duela urte batzuk, kalea berritu zutenean, pairatutako krisia, aldiz, oso gogoan du. Edozein modutan, aldaketa onerako izan zela aitortu du.
25 urte dira jatetxea zabalik dagoela. Nola gogoratzen dituzu lehen urteak?
1983an zabaldu zuten, handik hiru urtera hartzeko aukera sortu zen eta emazteak eta biok heldu genion. 25 urte pasatu dira ordutik, baina ez dut nire burua zaharra ikusten. Lan egiteko gogotsu nabil eta alaba gurekin lanean hasi da.
Ba al zuen antzik orduko Errege-Erregina Katolikoen kaleak gaur egungoarekin?
Ez zuen zer ikusirik. Autoak sar zitezkeen, bigarren ilara ohikoa zen eta orain baino askoz ere jende gehiago etortzen zen gurera zerbait azkarra hartzera, pintxoak esate baterako.
Duela zortzi bat urte hankaz gora jarri zuten kalea oinezkoentzat bihurtzeko. Orduan merkatariak nahiko haserre azaldu zineten.
Metro bat luze zen hesi moduko bat jarri ziguten jatetxearen ate ondoan, eta argia ere ez zen sartzen. Erabat isolatuta geratu nintzen. Kalearen beste aldean taberna bat baino gehiago dago eta jendeak errazago jotzen zuen alde horretara. Gurean, Ardandegi bakarrik zegoenez, ez zen inor etortzen. Igande batzuetan etsituta bukatzen nuen eta eguerdian inor etortzen ez zela ikusita, seme-alabekin eta emaztearekin beste toki batetara joaten ginen bazkaltzera. Garai zaila izan zen, baina garai horretan bertan lokala erosteko aukera eman ziguten eta aurrera egin genuen.
Kalea zeharo itxuraldatu zuten.
Asko kexatu nintzen obrek iraun zuten bitartean, baina ingurua oso ondo utzi zuten. Aldaketa onerako izan da. Gurera sartzeko eskailerak jaitsi behar dira, eta kalea berritu zutenetik terraza jartzeko aukera dut eta errazagoa da jendea gurera etortzea. Hala ere, horrelakoetan, Udalak laguntza moduko bat eman beharko lieke horrelako eragozpenak pairatzen dituztenei; diru asko galdu genuen.
Bolo-bolo dabilen krisia nabaritzen al duzue ostalariok?
Guk, behintzat, ez dugu horrenbeste nabaritu, beharbada menuak eskaintzen ditugulako. Menuak eskaintzen hasi ginen kalea berritu zuten garai hartan, jendearen arreta bereganatzeko eta obrak eta gero menuei eutsi genien.
Ardandegira datorrenari zer plater gomendatuko zenioke?
Arrain kazola gomendatuko nioke, legatza saltsa berdean daramana, hain zuzen ere.
############
Obren aurretik, bigarren ilara ohikoa zen kale honetan eta gurera jende gehiago zetorren pintxoak jatera
############
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.